Nire ikusentzunezko ibilbidea hasi nuenetik, edizioarekin batez ere, beti esan dut: nire zaletasuna ez datorrela zinetik, MTVtik baizik. Orduak egon nintekeen bideoklipak ikusten, musika gustatu ala ez, bata bestearen atzetik. Gogoan dut gaztetxotatik kotxean gindoazela nire buruan imaginatzen nuela irratian jartzen ari ziren abestiaren bideoklipa. Oraindik ere askotan ibiltzen naiz horretan!!
Ez daukat dudarik bideokliparen lengoaiak hurbildu nauela bideo eta edizioaren mundura, eta agian horregatik, beti izan naiz editatzen hasi orduko musika buruan eduki behar dutenetakoa. Nire kasuan oiloa edo arrautza lehenago zer ote den? Argi daukat: musika lehenengo eta gero hasi lanean.
Horregatik, Itsasoari begira dokumentala azken fasera iristen ari zenean, blokeo antzeko bat igartzen nuen. Ez geneukan musikarik eta nik, atal desberdinen arteko “klipak” editatu behar nituen. Ez nuen ikusten. Ez nuen inondik eta inora ere ikusten nola egin. Ez neukan banda sonora buruan eta ezin lanean hasi!
Arratsalde batean Lorea estudiora etorri zen eta disko bat ekarri zidan. “Ia gustatzen zaizun. Lagun batena da eta utziko liguke erabiltzen.” “Mmmmm… nik aukeratu gabe? Ia zer den hau.”
Bat entzun. Berriro entzun. Urrengoa. Aurrekoa berriro. Urrengo biak… “ostras. Hasi naiz ikusten.”
Borja Barruetaren Lilap diskoa. Nola izan daiteke hain egokia hau!! Inspirazioa bapatean heldu zen. Abesti bakoitzak esaten zidan ze ataletarako zen eta ze irudi sartu behar nituen. Benetan, Loreari behin eta berriz esaten nion ia nola izan zitekeen. “Badirudi irudiak ikusi ostean guretzako konposatu duela diska goitik behera!!” “Esan nizun ba ona zela…” Benetan be! Dokumentalaren azken fasean sartu zen lan honek osotasun itzela eman zion emaitzari, bai horixe! Behean erakusten dugun uretako eszena adibide.