Itsasoari Begira dokumentalak bere bidea jarraitzen du. Oraingoan Cine Invisible “film sozialak” festibalean izango dugu ikusgai.
Urriaren 15etik 22ra Bilbon ospatzen den nazioarteko jaialdi honek 7. urtea betetzen du aurten eta guk EUSKARAZ EGINDAKO LANAK atalean hartuko dugu parte.
Mundua ikuspegi sozialago batetik erakusten duten fikzio eta dokumentalak ikusteko aukera izango dugu Urrian eta besteak beste Itsaso eta bere familia ezagutuko ditu ikuslegoak. Dokumentala Elgoibarren aurkeztu genuenean Lorea Perez de Albeniz zuzendaria eta Maier, Itsasoren ama, bat zetozen gauza batean; pelikula honekin Itsasoren kasua ezagutzera ematea zela garrantzitsuena. Horrelakorik bizi izan ez dugunok beraien errealitatera hurbiltzeko alde batetik, eta egoera berdinean daudenak bakarrik ez daudela ikus dezaten bestetik. Itsaso eta familia oso modu atseginean aurkezten zaizkigu, berez drama bat izan daitekeen gaia alde positibotik begiratuz.